XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Jauna, handik etorriko zaukulakoan gaude; 21 harek aldatuko du gure gorputz ahula, eta bere gorputz aintzatsuaren iduriko eginen, gauza guziak bere menpeko ezar dezazkeen ahalari esker.

4 1 Ene haurride maiteak, zuen ikusteko gutizia bizian nago. Zuek, maiteak, ene bozkario eta korona zireztenak, zaudezte Jaunari tinko atxikiak.

AZKEN KONTSEILUAK, ESKERRAK ETA AGURRA (4,2-23)

Kontseiluak

2 Ebodia eta Sintikeri eskatzen diotet akortean bizi daitezen, Jaunarekin bat.

3 Zuri, egiazko laguna zaitutanari, emazte horiek laguntzeko galdatzen dautzut, nerekin batean borrokatu baitira berrionaren alde, Klemente eta beste nere lankideekin; hauen izenak biziaren liburuan izkiriatuak dira.

4 Bozkaria zaitezte beti, Jaunarenak baitzirezte! Berriz diozuet, bozkaria zaitezte!

5 Ikus dezala jende guziak zoin bihozbera zirezten.

Hurbil da Jauna! 6 Ez griña deusetaz, baizik gorabehera guzietan, ager Jainkoari zuen eskariak, otoitzez eta galdez eta eskerrak emanez.

7 Eta guk pentsa dezakeguna baino handiago den Jainkoaren bakeak zainduko ditu zuen gogo-bihotzak Jesu Kristoren bidez.

8 Gaineratekoan, haurrideak, egia den guzia, gisako, zuzen, garbi, maitagarri eta goresgarri, bertutetsu eta onargarri den guzia, hura dadila konda zuentzat.

9 Egizue nereganik ikasi, ukan eta entzun duzuena eta nere baitan ikusia. Eta bakea emaiten daukun Jainkoa zuekin izanen da.

Filipoarreri eskerrak

10 Kristorena naizenak bozkario handia izan dut, nereganako duzuen gogo ona berriz erakutsi baituzue; bazinuten lehendanik ere, bainan agertzeko paradarik ez.

11 Ez nau zerbaiten beharrak mintzarazten, dutanarekin askitzen ikasia baitut; 12 badakit eskasian eta berdin aiserian bizitzen.

Denetan eta denetarat trebatua naiz: bai asean eta bai gosean, bai aiserian eta bai beharrean.

13 Dena dezaket indarra emaiten dautan Kristori esker. 14 Halere, ongi egin duzue nere atsegabean parte hartzea.